Beraz, ongietorri!
Bangalore izena du "Intercultural Design" masterra egiteko Nanteseko Diseinu Eskolak aukeratutako hiria eta, pasaden astetik, master honetan parte hartzera etorri garen 14 ikasleon (13 frantziar eta euskaldun bakarra, ni) bizileku berria.
Abuztuaren 27an iritsi ginen goizeko 6:30etan Wikipediaren arabera 8.425.970 biztanle (+ Wikipediak zenbatu gabeko beste hainbat) dituen hirixka honetara bidaia oso luze baten ostean. Euroak rupiatara aldatu ostean taxia hartu genuen Ivan Rodriguez-en (saltxitxoiaren truke bere etxean hartu gaituen masterreko azken urteko ikaslearen) etxera. Taxiko leihotik lehen inpresioak: autoak, busak, kamioiak, gurdiak, bizikletak eta batez ere motorrak eroen pare, enfatizatuko dut, EROEN pare gidatzen dituzten milaka indiar errepide ez guztiz asfaltatuetan. Eta nola ez, behiak errepideen erdian trafikoa errazten.
Aldi berean hiriak eskaintzen dituen kontrasteak begi bistan: slum bat eta hamar metro aurrerago luxuzko golf kluba, erlijio desberdinen errepresentazio diren janzkera ezberdinak, mila motatako tenplu erlijioso ezberdinak beste hainbeste jainko gurtzeko... Denak oreka delikatuan elkarbizitzen.
Bi orduren ostean Ivanen etxera heltzean taxiko atea zabaldu eta "Indiako usainen" ongietorria... Kasu honetan ez naiz hemengo gastronomia aberatsaren (eta oso pikantearen) usai gozoez ari... Tamalez, kaleetako izkinetan mendixkatan pilatzen den zakarraz baizik... Indiako gobernarien korrupzioari esker kaleen garbiketa eta zakar bilketa ez dago egunerokotasunean programatuta beraz, beste soluziorik gabe, jendeak (eta jende asko da, beraz zakar asko) zakarra izkinetan pilatu eta batzutan erre eta bestetan behiek, txakurrek edo arratoiek jan arte itxaroten dute, sekulako kiratsa sortzen delarik.
Baino hori ere gaindituta Ivanen etxean trasteak utzi ta gure indiar esperientziari ekin genion...
Ez ditut 10 egunak banan banan errepasatuko guztiontzako aspergarriegia delako baino behinik behin hiria eta jendea ezagutzen eta pisu bila (izan ere iristen zaren unetik 14 egun dituzu bizilekua topatu eta helbidearekin FRRO bulegoan erregistratzeko...) pasa ditugu.
Pisua bilatzearena, oso turbioa... Lehenik eta behin Ivan-ek euren burua "broker" bezala definitzen duten ezagun batzuk aurkeztu zizkigun. Eurekin elkarrizketa bat izan ostean (ze pisu mota nahi genuen, non, prezioa...) eurekin gelditu ginen kafetegi batean non kotxe batekin jaso eta Bangaloretik tour bat eman ziguten etxez etxe, eskaintza ezberdinekin. Etxeek ez gintuztenez konbentzitzen ba hurrengo egunean berdina, gustoko genuena aurkitu arte. Hemen tramiteak ez dira oso errazak eta gutxiago gu garen moduan bi neska ta mutil bat izanda (etxeetako jabe askori ez zaie sexuak nahastea gustatzen), beraz, hurrengo pausoa jabearen onarpena jasotzea zen. Beraz, konstruktorearen bulegoan (ez galdetu zergatik hor, nik ere ez dakit eta) bilera bat antolatu zen etxearen jabearen idazkariarekin (jabeak ez gintuen pertsonalki ezagutu nahi) eta mila miloi galderari erantzun ostean onartu gintuzten. :D
Eskolan ere hasi gara "Orientation Seminar"-arekin, Indiaren kulturarekiko lehenengo hurbilpen bat izateko. Esaterako, gaur goizean Shivajinagar auzora joan gara, inguruko merkatu garrantzitsuena duen auzora eta kristau, musulman eta hinduak kontrasteen aberastasunean errespetuz elkarrekin bizi diren auzora.
Bisita honetan ateratako argazki batzuekin bukatuko dut lehen sarrera luuuuuze hau (onarte irakurri baduzu, zorionak, bakarra izango zara) eta neure burua ezagututa zaila izango den arren, saiatuko naiz blog-a egunean mantentzen eta hemengo bizipenen berri ematen.
Laster arte!
jajaj
ResponderEliminarOso ondo maddalen! Hemendixe jakingo dugu zure gorabeheren berri, orduan!
Zorionak eta ondo pasa!